Proiektuan ehun irtenaldi inguru bildu dira, 15 bidezidorretan, Donejakue Bidean eta mendiko hiru Ibilbide Handitan barrena egingo direnak maiatzetik urrira bitarte. Jende guztiarentzako prestatu diren ibilbide horietan gutxi gorabehera 2.000 pertsona ibiliko direla espero da.
Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak mendi-ibiliak bultzatu nahi ditu Foru Erkidegoan ibilbide gidatuen programa baten bitartez, Nafarroako natura-dibertsitatea erakusteko aukera emango duena maiatzaren 20tik urriaren 28ra bitarte.
Turismo-produktu berriak ehun irtenaldi biltzen ditu, gutxi gorabehera, 15 bidezidorretan, Donejakue Bidean eta mendiko hiru Ibilbide Handitan (GR) barrena doazenak. Dinamizazio-plan hori egiteko, Turismo Zuzendaritzak elkarlanean jardun du Bideak Turismo Jardueren Enpresen Nafarroako Elkartearekin, ANARTU Turismoa Hartzeko Agentzien Nafarroako Elkartearekin (erregistratzeko izapideetan dago) eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearekin.
Nafarroako mendi-ibilien eskaintza osatzen duten 30 bidezidorretatik 15 hautatu dira programa egiteko, eta bakoitzean ibilaldi gidatu bat eta jarduera osagarri bat egingo dira. Jende guztiarentzako aproposak dira, eta maiatzeko, ekaineko, iraileko eta urriko asteburu guztietan egingo dira, baita uztaileko eta abuztuko astearte, ostegun eta larunbatetan ere, goizeko orduetan, gutxi gorabehera 2 ordu eta 30 minututik 3 ordu eta 30 minutura bitarteko iraupenarekin. Pertsona bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu ibilbide bakoitzeko.
Donejakue Bidearen natura- eta kultura-aberastasunera hurbiltzeko aukera ere eskaintzen du planak, zazpi kilometrotik hamar kilometrora bitarteko hainbat ibilaldi labur eginez, Bideak Nafarroan gordetzen duen ondareari buruzko azalpen eta guzti. Irtenaldiak maiatzetik urrira bitarteko larunbatetan egingo dira, eta 12 euroko prezioa izango dute pertsona bakoitzeko, Iruñerako joan-etorriko autobus-garraio pribatua barne.
Azkenik, hiru larunbaterako (ekainaren 17a, irailaren 16a eta urriaren 21a) hiru ibilaldi programatu dira Ibilbide Handietan barrena (GR11, GR12 eta GR20), Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearekin elkarlanean. Zortzi kilometrotik 12 kilometrora bitarteko luzera dute ibilbideek, eta hiru ordutik lau ordura bitarteko iraupena. Iruñetik joan etorriko autobusa ere eskaintzen du zerbitzu horrek, eta pertsona bakoitzeko 12 euroko prezioa dauka.
Programa hori zabaltzeko, argibide-kartelak eta argibide-liburuxkak argitaratuko dira, eta turismo-bulego eta azoketan banatuko dira, baita Nafarroako Turismoaren web-orriaren eta haren publizitate-euskarri eta sare sozialen bitartez ere.
2017-2025 Nafarroako Plan Estrategikoaren zirriborroaren barruan kokatzen den proiektu berri horren bitartez, besteak beste, bidezidor eta ibilbide historiko eta tradizionalen eskaintza indartu nahi da, baita naturaguneetan turismoa bultzatzea ere, haien ezaugarriak eta premiak errespetatuz. Zehazki, Nafarroako Lurralde Ondarean Oinarritutako eta Xede Merkatuetara Egokitutako Turismo Produktuak Sortzeko Programaren zati da ibilaldi gidatuen plana, eta programa horren helburua Nafarroako kulturan, ondarean eta naturan oinarritutako bidaia-proposamen berriak eratzea da.